Navarra LAN Party-ren zazpigarren edizioa irailaren 5etik 8ra eginen da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), eta oraindik badaude sarrerak salgai. Ekitaldi teknologikoak abiadura handiko Interneteko 400 postu izanen ditu (“iberiar penintsulako abiadura handiena”, antolatzaileen arabera), eta 3.000 euro banatuko ditu sarietan bere lehiaketetan. Parte hartu nahi dutenek "online" sarrera eskuratzen ahal dute ekitaldiaren webgunearen bidez: https://navarralanparty.org/.
Aurten, Nafarroako gazte txartel europarra dutenek hamar euroko deskontua izanen dute sarreraren prezioan. Horretarako, deskontu-kode bat eskatu behar da Nafarroako Gazteriaren Institutuaren webgunean eta, ondoren, ekitaldiaren webgunean sartu sarrera erosi baino lehen. Neurri horri esker, ehundik gora gaztek gutxiago ordainduko dute topaketan parte hartzeagatik.
Navarra LAN Party-ren zazpigarren edizioa Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkarteak (ANDITEC) antolatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lankidetzan. Honako erakunde hauek babestu dute ekitaldia: Nafarroako Gobernua, Iruñeko Udala, Tracasa Global eta Tracasa Instrumental, Naudit, Gasteiz Componentes Electrónicos, Lacturale eta PC Box Irún.
Bi espazio teknologiarako
Nafarroako kiroldegi unibertsitarioan eginen da topaketa, eta bi eremu izanen ditu. “Party Place” izenekoan, aipatutako 400 ordenagailu instalatuko dituzte, abiadura handiko Interneteko konexiodunak; hor, e-sportseko lehiaketak egin eta Twitch bidez emanen dira, eta beste lehiaketa batzuk ere antolatu dituzte, zeinetan 3.000 euro banatuko baitituzte sarietan. Erakundeak berretsi ditu, besteak beste, Super Smash Bros, FIFA, Tekken eta Rocket League txapelketak, sormen digitaleko beste lehiaketa batzuez gain (argazkien ukituak, 3D sormena, musika edo bideojokoak).
“Open Space” eremuan, edonor sartzen ahalko da, dohainik, eta ostegunetik larunbatera egonen da irekia (hilaren 5ean, 6an eta 7an), 10:00etatik 20:00etara; han, aukera egonen da kontsolak probatzeko, gidatzeko simulagailuetan ibiltzeko eta errealitate birtualeko esperientziak edukitzeko, eta hiru dimentsiotan inprimatzeko eta teknologiari buruzko hitzaldiak entzuteko gune bat ere izanen du.
IKTen aldeko elkartea
Teknologia Zabaltzeko Nafarroako Elkartea (ANDITEC) irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, 2018an sortua, eta Nafarroan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) zabaltzea eta bultzatzea du helburu, bai eta gizarteari teknologia hurbiltzea eta teknologien inguruko komunitatea sortzea ere.
Ekitaldiari buruzko informazio gehiago dago Navarra LAN Party ren webgunean eta Twitterreko eta Instagrameko @navarralanparty kontuetan.